Aurkezpena

Zer da Euskaraldia?

Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko* hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua.

Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da.

2018an egin zen lehen aldiz ariketa, Euskaraldia: 11 egun euskaraz; orduan norbanakoengan jarri zen fokua eta milaka izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak.

2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra burutuko da bigarren edizioa, eta, oraingoan, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egingo zaie, euren eremuetan hizkuntza ohiturak aldatzeko urratsak ematen has daitezen, eta entitateko kideen parte-hartzea sustatu eta babestu dezaten.

Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburua da gure hizkuntza ohiturak aldatuz euskararen erabilera handitzea, gutxieneko baldintza euskara ulertzea izanik.

Bereziki ariketa edo praktika kolektibo bat da. Ariketa horretan maila pertsonalean edota kolektiboan parte hartu ahal izango da.

Euskaraldia ondoko helburuekin sortu da:

  • Hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea, euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko
  • Norberaren hizkuntza portaera eta ohituren inguruan gogoeta eragin eta aldaketan lagungarri izatea
  • Inertziak apurtzea
  • Gizartean eragina duten era guztietako entitateek hizkuntza ohitura aldaketan babes neurriak hartzea
  • Gizarte aktibazioa, ariketa kolektibo baten bidez
  • Herriz herriko euskaltzaleen artikulazioa bultzatzea
  • Euskararen aldeko eragileak ekimen bateratu baten bueltan antolatzea

Nola egingo dugu?

Ondoko bi roletako bat har dezakegu:

     Ahobizi: Euskaraz egingo diezu ulertzen duten guztiei. Edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonorekin arituko zara euskaraz. Ezagutzen ez dituzunekin lehen hitza euskaraz egingo duzu, eta ulertzen baldin badute, hortik aurrerakoak ere.

     Belarriprest: Euskaraz dakiten guztiei zuri euskaraz egiteko gonbitea egingo diezu. Euskara ulertzen duzula adieraziko diezu eta zurekin euskaraz hitz egin dezatela eskatu. Zuk euskaraz edo erdaraz erantzungo duzu, baina zuri euskaraz egiteko eskatuko duzu.

Non egingo dugu?

Bakoitzak bere inguruan, bere ohiko harreman sareetan egitea proposatzen dugu: familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendetan…

Horretarako, herriz herri antolatuko gara, baita enpresa, ikasketa zentro eta era guztietako elkarte zein entitateka ere.

Eta ariketa hasi bitartean, zer egin dezakegu?

Herriz herri eta hainbat enpresa eta entitatetan antolatzen ari diren batzordeetan parte har dezakezu. Herriko eragile eta euskaltzaleek antolatutako batzordeetan zure ekarpena egin eta inguruan Ahobizi eta Belarriprest berriak aktibatzen denok egin dezakegu gure ekarpena.